Aurkezpena
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Nazioarteko Biltzarra: Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza, hain zuzen, UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko Gorputz eta Kirol Hezkuntzako Sailak abian jarritako ekimena da, gure jakintza-arloko ikerketa sustatzeko duen helburua betetzen jarraitzeko asmoz.
Helburu nagusia, beraz, jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietako estatuko zein nazioarteko azken aurrerapausoak, berrikuntzak eta ikerketak bildu, aztertu eta horiei buruzko gogoeta egiteko gune bat sortzea da.
Era berean, irakaskuntzaren, hastapenen, kirol-errendimenduaren, jarduera fisikoaren eta osasunaren edo/eta kudeaketaren zein jolasaren arloan euren lan- edo zientzia-jarduera gauzatzen duten ikertzaileei eta pertsonei aukera bat eman nahi zaie, aipatutako arloetan orain artean egin diren lan guztiak hedatzeko asmoz.
Azkenik, herritarrei arlo honetan ematen diren aurrerapausoen berri ematen laguntzea ere bada gure helburuetako bat. Hala, lotura-zubia eratu beharko da gizartearen eta unibertsitatearen artean. Eta horixe izango da, hain zuzen, Biltzarra bera egituratzen lagunduko digun gida. Era horretan, jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko ikertzaile zein profesionalek eta herritar guztiek, oro har, Biltzar honek ematen duen aukera eta berez daukan balio erantsia ezagutu ahal izango dute.
Bi eguneko iraupena izango du Biltzarrak; hain justu, 2011ko azaroaren 24an eta 25ean egingo da, goizez zein arratsaldez.
Hasierako hitzaldi nagusi batek eta beste osoko bost hitzaldik osatuko dute berau, eta hitzaldi bakoitzak aurreikusitako arlo tematiko bana landuko du:
- Jarduera fisikoa eta osasuna
- Kudeaketa, astialdia eta kirol-jolasa
- Jarduera fisikoaren eta kirolaren irakaskuntza eta kirol-hastapena
- Kirol-errendimendua
- Jarduera fisikoa eta gizarte-ikerketa







